Elkarrizketa hiri Antropologairen IV. Jardunaldiak. Espazio publikoak; erabilerak, diskurtsoak eta balioak, Bilbo, 2012 azaroa. Juan Aguirre eguina. 2013ko urtarrilaren 24an argitaratuta.
Hiri-Antropologiaren inguruko Jardunaldietan, gure gizartea eta honen erronkak ulertu ahal izateko funtsezkoak diren errealitate ezberdinak landu zituzten komunikazioak aurkeztu ziren.
Bueno, Antropologia hirietako eguneroko bizitzaren inguruan ematen diren errealitateez arduratzen da, Chicago-ko Eskolaren garaiaz geroztik (1920. urte inguruan). Zentzu horretan, Jardunaldi hauek ikuspegi horren indarra eta garrantziari buruz aritu dira. Nolabait, guztiongan eragina duten gaiak dira, gure eguneroko bizitzan protagonistak garen heinean. Hiria, eguneroko bizitza, ... horixe izan da Antropologiak helburu izan duen gaia, eta ez dute ikusten zertan aldatu beharko litzatekeen.
Gaur egun kaleratzeek eragindako zorigaitza gizarte osoan egunkarietako lehen orrialdeetan dagoen gaia da. Gizakion habitat delakoa ikertzen duzun heinean, hiritarra izateaz gain, nola ikusten duzu sistemaren krisiaren “hiri-deribazio” hau?
Hiri eraldatze handiak bezalako fenomenoei buruz hitz egiten denean, hirigintza dinamikak, askotan beste modu batean aurkeztu nahi izan arren, eraikuntza-enpresen dinamikak direla kontutan hartu behar da, eta nire ustetan oso gutxitan hartzen dira kontutan horiek eragindako gizarte ondorioak. Baudelaire-k zioen bezala, “hiriak gizaki baten bihotza baino gehiago aldatzen dira”. Kontua da jendearen bizitza hobetu eta benetan apartekoak izan daitezkeen aldaketa horiek ez direla benetan aintzat hartzen. Dena den, hondamendia ere eragin dezakete. Eta azken kasu horretan bigarren errealitatean sartzen gara. Duela denbora asko esan zen moduan, burbuila antzeko bat egon da. Jende asko alferrik saiatu zen hori ikustaraziz, oro har ez baitzuten ikusten hondamendia bazetorrela, eta orain gertatu dena ikusten ari gara. Maila guztietan eztanda egin du, gizakiontzat oso balio altuarekin, eta denok horren lekuko izan gara, batzuk biktima ere izanik.
Aukera izanez gero, aipatzen ez den gauza bat azpimarratu nahiko nuke: gai hau eta beronek eratorritako guztia izan zen hainbat gizatalde mugiarazi zituena, hau da, sistematikoki laidotuak, zikinduak, irainduak izan diren gizataldeak. Funtsean hiriko mugimendua den okupa mugimenduak duela asko ohartarazi zuen eraikuntza enpresen espekulazioetan oinarrituriko zenbait hazkunde ekonomiko ereduen baldintza zitalez. Ondo legoke norbaitek onartuko balu gazte horiek izan zirela ohartarazpena egin eta kaleratzeen aurkako ekintzak burutzen hasi zirenak, politikari nahiz hedabideek gaia lantzen hasi baino askoz lehenago alegia.
Zure liburu berriena El espacio publico como ideologia da. Bertan, askok ezagutzen ez duen zerbait erakutsi eta frogatzen duzu: hirigintza oso indartsua den tresna ideologikoa dela.
Horrela izatea nahiko litzatekeela esango nuke. Funtsean, hirigintzaren helburua nagusia zera litzateke pertzepzio eskema finkoa eratzea, eta beraz espazioak planifikatu, sortu eta antolatzeko jokaera eskema ere ezartzea. Eskema horiek mekanismo konduktistak lirateke, Pavlov-en txakurraren kanpaitxoaren antzera jokatuz, soinu egin bezain pronto animaliaren erantzuna bultzatzen zuelarik. Helburu nagusia guztiz kontrolatua ez den zerbait kontrolatzea litzateke, hau da, hiriaren muina. Nire ustez, hirigintzak betidanik horren aurka egin du gerrarako makina erraldoi baten moduan lanean jardunez. Boteretsuek ulertu ez duten zerbait da eta benetan kezkatu egiten ditu, ez baitaukate kontrolpean. Azken finean, hirigintza gauzak inposatzeko era bat da, plano, maketa, ... eta abarren bitartez. Pentsamendua eta gizakion hiria mugatu eta menperatzeko modu bat da, gehiengoa eredu horrekin bat ez badator ere. Beste gauza bat lortzen dutena izango da, hori beste istorio bat bada. Azkenean, espazio baten esanahia eta zertarako balio duen erabiltzaileak berak zehaztuko du, planifikatzaileak beste helburu bat izan arren.
Hain zuzen, La ciudad mentirosa. Fraude y miseria del “modelo Barcelona liburua ideia esanguratsu batekin amaitzen da: hiria oinarrizko bi gaien inguruan eratzen dela, “bizitzagatik sentitzen dugun maitasuna eta aginduak ez betetzeko ohitura txarra”. Beraz, Heraklitok munduaz ari zenean bezala, hiria ere jariakortasun eta tentsioz eginikoa dela esan genezake, nahiz eta diskurtso ofizialak kontrakoa irudikatu nahi izan?
Argi dago baietz: naturalki eraldaturiko bizitzaren baldintzaz ari gara. Horrek ez du esan nahi hobeagoa denik, baina hirietan bizitza bera zertxobait aztoratuagoa da. Zatikien bizkortzailea dela esan daiteke, hauxe da hiria bereizten duena, gizatiarra da baina pixka bat bizkorrago do, batzuetan iskanbilatsuagoa, baina bizitza azken finean.
Nire ustetan, kronikoki bizirik dagoen giza bizitza horrek espazio publikoa du bere leku naturala, eszenatoki logikoa alegia, berez kalean bertan garatzen baita. Bizitza norberak etxeko atea ireki eta hortik aurrera gertatzen dena da: lagunekin topo egitea, beste lagunekin hitz egiterakoan topatzen dugun begirada, iraultza antolatzea, festa antolatzea, kafe bat hartzea edota zinera joatea, baina beti beste batzuekin egindako zerbait da. Agian sekulan berriro ikusiko ez ditugun lagunak izango dira.
Gure hiriek azken 20-30 urteetan jasandako eraldaketek hobekuntzak ekarri dituzte. Baina ukaezina da ere hiriak beraien artean geroz eta antza handiagoa dutela. Nortasuna galtzen ari dira, herri-auzoen desagertzea, horiek duten memoria sentimentalaren karga eza, eta ematen den herri-guneen aldaketa gune komertzialak bihurtuz. Guzti hori, aurrerabidearen onerako onartu beharreko gaitza al da?
Bueno, ... norentzat da beharrezkoa eta noren aurrerabidea dakar? Oso ongi esan duzu “herri-auzoen amaiera”, nik herri-hirien desagertzea esango nuke. Egia da onurak eta hobekuntzak egon direla eta nork esan dezake parke bat konpontzea edo ekipamendu kulturala eraikitzea onuragarria ez denik? Baina kontuz, zure etxean norbaitek urrezko kanilak jartzea hoberena dela esaten badizu, zuk “niregatik primeran” esango zenuke. Baina gero, alokairuaren prezioa bikoiztu egingo dizute. Beraz, hobekuntza horiek irabaziren bat lortzeko egindakoak ez balira ondo legoke, baina praktikan ez da hala izaten. Zure etxe ondoan norbaitek ekipamendu kultural bat eraiki edota parke ezin hobeagoa jartzen badu, zu herritar arrunta izanik, zurea izan den auzo horrek jasandako aldaketen ondorioz denbora gutxitan auzo hori ez dela gehiago zurea izango ikusiko duzu. Hiriek jasandako eraldaketa eta hobekuntza horrek orokorrean garestitzea dakar, kaudimendunak ez direnak alde batera utziz. Hortxe dago gakoa. Egia da hobekuntzak beharrezkoak direla, baina benetan egiten dutena zera da, guztia garestitu eta bertakoak kanporatu, maila altuagoko jendea erakarriz.
Hiri Antropologiaren inguruko Jardunaldiak direla eta Bilbon egon zara. Hiri horretan, Guggengheim Museoa ardatz eta ikur izanik, postmodernitatearen printzipioetan oinarriturik birsorturiko hiria izateaz harro ageri da. Zer iritzi duzu “Bilbo eredua” esaten dioten modelo horretaz?
Edozein hiri “eredugarria” oinarriz baztertzailea da. Banandu, sarrera eragotzi edo maila horrekin bat ez datorren oro kanporatzen du. Eredugarria ez den guztia baztertzen du, kaudimen gabea edota disidentea delako, eta laster baita itsusia izateagatik ere. Azken finean, itxura hutsa besterik ez den hiriarekin bat ez datozelako gertatzen da, bere lotsak eta zatarkeriak estali, ahaztu edota botatzen dituen hiria izanik. Bilbon ere beste hirietan dagoen gauza bera aurkitzen dugu: gentrifikazioa, gaien araberako sailkapena, hirugarren sektorearen nagusitasuna, ... Eta, jakina den bezala, dinamika honetan ez da aitzaki kulturala falta, kasu honetan Guggemhein-a, hiri-ikusgarritasunez eta hirigintza-espekulazioz beteriko fetitxea hain zuzen ere. Zentzu horretan, utzi iezadazue Garikoitz Gamarraren Bilbao y su doble liburua aipatzen.
Agian, gazteek kalean bizitza asko dagoela uste dute, nola ez, baina zaharragoak direnek zera esaten digute: lehen desberdina zen, dantza gehiago egiten zen, gehiago jolasten zen, ondoko lagunekin tratu handiagoa genuen, .... “Kalea hiltzen” ari da, horixe dio topikoak.
Begira, egia esan nire burua kritikotzat jotzen dut eta nire bertuteen artean, bizi dugun egoera ikusirik, ez da baikorra izatearena ageri. Baina zer esango dizut? Funtsean, nire ustetan, kalera irteteko gonbidapena hor dago beti eta hori ere krisian egotea ezinezkoa da. Bestalde, bada etxean telebista ikusten egon eta ordenagailuan jolasean ibiltzea nahiago dugunok. Ez dakit Euskal Herrian zer gertatzen den, baina Bartzelonan esaterako, etorkin esaten diegun horiek sistematikoki espazio publikoa bereganatzen ari dira. Sarearen ukiezinezko eter horretan ematen diren sare sozial eta jendetasun metafisikoez aparte, kaleak osasun bikaina duela esan behar da, gatazkaren eta gatazkarako lekua izanik. Hori ez dugu ahaztu behar. Leku publikoa gatazkaren eta gatazkarako lekua da, historiaren eta historiarako lekua, hortaz dudarik ez dut eta bide horretan gabiltzala uste dut. Begira, azken urteotan, espazio publikoa eta kalea krisian zeudela esan izan da eta, Estatu Espainolaz gain, mundu osoan barrena protagonistak bilakatzen hasi dira. Zentzu horretan, ez dut kezka handirik, kalea zegoen leku berean egoten jarraitzen baitu.
15-M, Occupy Wall Street edo “udaberri arabiarra” bezalako mugimenduen manifestaldietan zera sumatzen ari gara, ekimen horiek mugitu baino gehiago jarrera taktikoak mantentzen dituztela. Jendea plazako asanblada moduan edota kontseilu ireki moduan biltzen da leku jakin batetan. Nola azaltzen duzu zuk eredu berri hau? (guztiz berria dela argi ez izan arren).
Antropologian hori enbarazua besterik ez da, berriak diren hain gauza gutxi baitago ... Baina funtsean horrekin zerikusirik badu. Lehenengoz, pozik egon gaitezke, kale eta plazak osasuntsu ageri direlako, gizartearen desio, gogo eta amorruak adierazteko leku baitira. Kalea, XIX. eta XX. mendetan izandakoa izaten jarraitzen du. Giza borroken eta historiaren gune dira eta zentzu horretan bide onean gaudela uste dut. Hori bizkortasun seinaleak dituen gizarte baten irudia da, aztoratzen duenaz hornitzen da eta gatazkan du bere oinarria, hau ematen ez bada izateko aukerarik ez duelarik. Gatazkarik ez duen gizartea ez da existitzen gizarte moduan, ezta giza talde bezala ere.
Hori bai, kaleak, eta zuk esan bezala plazek, eszenatoki hutsak izateari utzi diote. Kontua ez da protagonista bilakatu direla, funtsezko ezaugarri gisa betidanik izan baitute protagonismo hori eta ez du zertan beti pasiboa izan beharrik. Nire ustez, interesgarriena zera da, espazio publiko horrek, kaleak eta plazak, burujabetasuna eskuratu duela. Une honetan jada ez dira sindikatu, alderdi politiko edota dena delakoaren transmisio bide, tresna edota baliabide hutsa. Alderantzizko mugimendua eman dela dirudi, guk plaza eta kaleak erabili ordez, beraiek dira hitz egiteko erabiltzen gaituztenak.
Benetan mugimendu hauetako solaskidea, subjektu politikoa plaza izaten ari da edonon ematen dela (Egipto, Islandia, Espainia, ...). Ez da eszenatokia soilik, jendez betetzen den leku bat, plaza da bat batean jendearen ahotsa eskatzen duena. Orain plazak dira hitz egiten dutenak, nahiz eta gure ahotsen bitartez egin, beraiek dira hizlariak.
Egungo protesta adierazpenak festa eta gehienetan emoziozko kutsua izanik, ez al da, zenbaitetan, aldakortasun hori kaltegarria izaten?
Begira Sobietar Batasuneko azaroko Iraultza eta gaur egungo egoera ... hori beste iritzi bat da. Egia da nik ere aldakorra dela pentsa dezakedala, baina hiritarra den guztia ez al da aldakorra definizioz? Hiritarra izateko, dimentsio galkorra izan behar du.
Bai, hori beste kontu bat da eta nire kezka nagusia horixe da: pentsamoldeak bizkortzen dituzten heinean pozez begiratzen dituzun halako mugimenduak, egitura eta eraginkortasun historikoa lortzera iritsi al daitezke? Egia esan, horrelako lorpenak nire itxaropen guztiak aseko lituzke eta harrokeriaz jokatuko nuke horiek interpretatzen saiatuko banintz.
Ia nahi gabe esan duzun zerbait aipatu nahiko nuke, benetan azpimarratzea merezi baitu eta, hau da, jai kutsuaren kontu hori. Ez ahaztu, aipatzen ari garen guzti hau jai-dinamikaren aldagaiak direla. Ez da jaiak “bezalakoak” direla, jaiak “dira”. Jaia azken finean, ordena publikoaren nahastea da, nahiz eta nahaste onartua izan. Herri-eskuratze horren logika edozein herri, hiri edo auzoko festak beregan hartzen du. Frogatutako teknologia baten aurrean ere bagaude, jai bakoitza “gezurretako” iraultza bat da, mekanika berbera izanik, jaia eta protesta familia berakoak baitira.
.
Txantxa bat amaitzeko: arazo guztiak kalera irteteagatik gertatzen zaizkigula zioen Pascal-ek. Zuk horrela gertatzen ez dela frogatu diguzu ...
Deleuze-k zera esango luke: arazo bat ezta inoiz oztopo bat izango, berez arazoa oztopoa gainditzea da. Hau da, kalera irten behar da oztopoak gainditu eta arazo berriak aurkitzeko. Gainera, zer nahi duzu nik esatea, zorioneko hainbat arazo dago!
[Argazkia Matt Weberrena da; weber-street-photography.]
[Argazkia Matt Weberrena da; weber-street-photography.]